Etxe hutsean

ARBOLA NAIZ, ETA ZUHAITZA

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan,
edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 2009, Josetxo Azkona

© Azal eta diseinuarena: 2009, Antton Olariaga

© Edizio honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-048-5

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-158-1

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-157-4

Legezko Gordailua: S.S. 589/2009

JOSETXO AZKONA

ARBOLA NAIZ, ETA ZUHAITZA

POESIA

ALBERDANIA

I
Arbola naiz, eta zuhaitza

Preludioa

I

Baratzeko ontzi batean kimu bat, gereziondo batena.

Baratzezainak ontzitik atera eta tentuz darama eguterako

xoko batera. Han, menturaz, sustraituko da

lur heze ongarriztatuan. Gereziondoa aldagarria da,

toki batetik bestera aldatu edo mudatzen delako (dugulako).

Arbola da, eta ez zuhaitza, hiri ertzeko ibaiaren alde

banatan, behinola, landatu zituzten makalak eta alboak bezala.

Fruitu ahogozagarriak emanen ditu gereziondoak,

denbora igaro ahala: zuek bai zuek ekaineko gerezi gozoak!

Honexegatik ere, arbola da, eta ez zuhaitza.

II

Hagina, gereziondoa ez bezala, ez da haztegietan sortzen.

Ez du, bera den modura izateko, inoren obratzerik behar.

Izatezkoa da eta iraunkorra, guztiz basa, berez sortua

delako basoan edo oihanean, pagoaren edo ametzaren antzera.

Zuhaitza da, eta ez arbola. Tximistak, edo aizkorak,

edo motozerrak aise hil dezake, baina.

Hagina, gereziondoaren kolore bertsuko opariak

emanagatik ere, ez da emari onekoa, toxikoak baitira

bere fruituak. Zuhaitza da, baina ez arbola.

III

Gereziondoa eta hagina gara:

arbolak eta zuhaitzak.

Grabitate legearen arabera

Ibili eta ibili,

baina beheko bideak

ez zuen nora.

Eta, goraka joz,

iritsi ginen hona,

euskarririk gabeko

aberri honetara.

Harrezkero,

hodeiak ditugu gotorleku.

Harrezkero,

pisugabetasunarekin jolasten gara

espazioaren zuztarrean.

Hori horrela,

noiz eroriko,

ontzen den sagarraren gisan?

Alderik alde

Aldizkari zabalduan,

Gustave Coubert

eta Munduaren Jatorria.

Ezpainak zabalik,

basoak dira zure ezpainak.

Eta denboraren burrunba, mahaiko espazio izugarrian.

Zure bularrak ere basoak dira,

urriko lertsunek algara bizian hegaldatu zituztenak.

Zangoak zabalik,

lur hezearen gaineko basoak dira zure zangoak.

Eta zulo bat beste zulo handiago baten barruan.

Basoa da zure alua, egunez eguneko

eguzkiaren zainez naharo ehundua.

Eta basoa ere bada zure biloa,

iparrera begira dagoen goroldioa bezain biguna.

Zutundu

eta basoratu naiz zure baitara:

munduaren lehenengo goizeko lantxurdaz

busti dut ene mingaina.

Han goitik

Inoiz igo al zara zuhaitz batera?

Harrapatu al duzu inoiz txorien aierua habian?

Eraiki, bai, beste mundurik adar arteko zurrumurruan?

Iragana eta oraina nahaspilatzen dira han goitik begiratuta:

Basajaunak ez zuen bizarrik,

Elektroiak halabeharraren arabera higatzen dira

libreki atomoaren barrenean,

Evaren sagar freskoa gozatu zuen sugearen

zintzurrak.

Zuhaitzetatik beheratu ziren orain dela sei-zazpi milioi urte:

Beldurrak airean,

Potocadeherin XY gene berria ekoiztuz

burmuinean,

Aurreko hankak lur gainetik jasoz

eta lurretik urrunduz, arian ezarian…

Zenbat aldiz ez ote ditut ene begiak zuhaitzetara nostalgiaz itzuli?

Damuz hartu al duzu inoiz adar haietatik jaitsi izana?

Lurrarekin bat egitearen bibrazio hura sentitzen al dugu oraino?

Zurgatzaile hori!

Oso berekoia da huntza. Negar eginarazten digu,

eta horrek bost axola dio berari. Geldi-geldi ageri zaigu

guri zeharo itsatsia, eta malguki zabaltzen ditu bere zurtoinak

gure atalik minberatsuenetan barrena. Minez estutu eta ito

egiten gaitu horrela. Bere kasa hazteari uko egiten dionez

gero, atsegin du (miserable horrek) nornahiren bizkar

gainera igo eta bertan eroso kiribiltzea.

Hala, gure zukurik gozoenak zurrupatzen dizkigu gupidagabe.

Bizitzak duen alderik makurrena hark berak erakusten digu beti.

(Senidetzat duen Mihura Jaun-Andrea ere

ez da makala zurgatze bizimodu anker horretan).

Honako hau da bere alderik itsusien eta gorrotagarriena:

gugan errotu orduko, berehala errotik mozten ez bada,

ez dagoela, gerora, modurik berarengandik askatzeko,

ez dagoela gerora modurik guk bera (zergatik ez),

deskuidu batean, zurga dezagun. Arrazoi horrengatik,

etengabekoa da bere zeregin suntsitzailea.

Ez da batere ohartzen desegiten duenaz, gugan sortzen

dituen kalteez eta oinazeez. Sentimendurik gabekoa da,

temati aparta: oso-oso gure aldekoa.

Laino artean ezkutatuta

Izotza bezain irristakorra.

Hitz gutxitan adierazten zaila.

Aldartea bezain aldakorra.

Urliarentzat ederra dena

itsusia dateke Berendiarentzat.

Eta, halaz ere, hortxe diraute,

bizi-bizi, galdera hauek:

Baina, zer da edertasuna?

Zerk egiten dio norbaiti-zerbaiti eder izatea?

Artistari baizik ez dagokio haren peskizan ibiltzea,

edo eta kezka hori behar da izan gizaki guztiena?

Ausartuko naiz erantzuten, nolabait:

“Laino artean ageri da pagoa.

Neu naiz ni lainoa, neu naiz ni pagoa.

Baina laino arteko pagoak ez du begiratzen,

ez pagoak ez lainoak.

Neuk bestek ez die begiratzen”.

(Ederrez paregabea da laino arteko pagoa).

Hostoek darabilten hizkuntza

Ezein amaren altzo,

eskola, pantaila edo plazatan

ikasi ezinezko hizkuntza

nahi nuke neure egin,

hartan mintzatzerakoan

logabeek sakon lo dagiten

eta txori lokartuek kanta dezaten

esnatu eta berehala.

Nola egin, baina, hitz horiek

sar daitezen belarrian?

* * *

Orain, bare dago giroa,

eta itxaron egin behar.

Lertxunak eta makalak

harrotuko ditu haizeak

lasterrean.

Eros gailendu zaio berriro Tanatosi

Ezki lore usain mehez

bete da gela eta ohe alderdia.

Ezpainak hertsirik daude honenbestez,

eta berriro dira beren jabeenak.

Zangoak –hareazko habe tinko horiek–

aleka doaz izaren azpitik labaintzen,

bidaia luze-luzearen bueltan.

Amodioa obratzean harrotu den hautsa

–hain zuri, hain pisutasun gabea–

geldirik dago aire epelaren erdian.

Geroxeago pausatuko da, hor nonbait:

Chet Baker-en disko gainean, kopa hustu biren ertzetan,

lanpara txikia estaltzen duen zapi gorrixkaren ximur batean…

Desagertzeko unea da,

ezki-lore usainak egin duen gisa.

Ororen baitan gorde den hiltzaileak

lo dagi maitaleen eskutik helduta.

Zirimiriz edanda

Euria,