Mailu isila

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen, guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 2002, Juan Kruz Igerabide

© Azal eta diseinuarena: 2002, Antton Olariaga

© Edizio honena: 2009, ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@ctv.es

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 84–95589–49–4

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-144-4

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-143-7

Legezko Gordailua: S.S. 1192/02

MAILU ISILA

Zeri begira zaude

euriaren errezela

eskuaz zabaldu nahirik?

Euria ari du

beti lez,

betiko euria

joandako denborari

errezela ipintzen

beti lez.

I Behera-behar hau

Bortxaz hildakoak

Bortxaz hildakoen

begiek ez dute

begi-ninirik,

bi bala-zulo baizik.

Begi-niniak

euri-tanta dira,

teilatua zulatzen

duen euritean.

Bortxaz hildakoen

begiek ez dute

begi-ninirik,

bi euri-zulo baizik.

Eta ni, hatz erakusleak

begi-ninietan sarturik.

Ahuspez

Balak beti aurrera egiten du, gorputza zeharkatuta, pareta zuri baten bila.

Eta norbait, makurturik.

Balak pareta zurian egindako zuloak kontrako aldera begiratzen du beti.

Eta norbait ahuspez, lurrari muinka, edo arnasa bila.

Bertso mistikoak

Bertsorik mistikoenak

egingo nituzke gaur.

Lurrak, baina, eten dit ahotsa,

Lurrak nakar bere erraietara;

Lur beltzak bere baitara nakar.

Eta ni, hizkiz hizki,

bertsoari hilobiak zulatzen.

Oi, lur; oi, lur,

oi, ene lur errea!

Azazkalez zulaturiko hilobiek,

arima lurperatzen didate.

Goiz emeak goiz emagaldu dira;

oi, ene lur errea!

Elur beltzez oro jantzia;

gizerreak zut, zoroan zut,

eta ni, oi lur, zure bazter…

Gaur bertsorik mistikoenak

egingo nituzke.

Hala ere maite zaituztet

Maite zaituztet, hala ere maite zaituztet,

diotset ahots-hari batez,

zerua izartsu dago; har ezazue bana.

Txori bat hegaldatu da

gauak zuritutako urkiditik

egunsentiren baten bila.

Luzea da balaren bidea,

laburra txoriaren hegaldia.

Luma bat han, luma bat hemen,

lumak, lumak, lumak.

Zerua lumatsu dago; har ezazue bana.

Etsiak ere lekurik ez

Bihotzean min dut, min etsia,

negarrik ez darion mina;

itxaropen bat banuen: su-eten

—hatz artetik irrist— ihes egina.

Bihotzean min dut, min etsia,

negarrik ez darion mina;

etsiak ere ez du lekurik,

heriok darama sor adina.

Oteizaren hutsunea

Oteizaren hutsunea lasterrago hustu nahi izan dute, bonbaz.

Hutsune bat daramat bihotzean,

horixka eta zaharkitua,

hosto ihartua bezain ezdeusa,

hosto ihartua bezalakoa, zaharra.

Hutsune bat daramat bihotzean,

orbel-zulo bihurtua.

Oteizaren hutsunea, betzulo begi-galdua.

Soneto bat iheslariari

Iheslaria, etxerakoan, beti haraxeago

eramaten du haizeak.

Bideko nekeak atseden ditu

etxetik ihesi larri doanak;

nahiz aita-amek atzetik deitu,

ezin entzun haizeak daroanak.

Urrun, txit urrun, da pentsatzen ari,

iraganik hogei urte inguru:

ekin nahi lioke itzulerari,

inor ba ote etxean aiduru?

Lore bat zaio jaio begietan,

harribitxi lez itsas hegietan…;

itzulita ere, etxerik ez du:

beste kaleak, beste aurpegiak,

gurasoen argazki beilegiak…;

ihesak itzulezina berez du.

Dante - Etnad

Danteren infernuko bidea

ipurdiz gora: zeru-bidea.

Kono bat, bederatzi zirkulu

zein baino zein estuago,

eta erpinean sumendia.

Gainetik begira, begi bat.

Eta negarra, konikoa.

Apoeta

Mirande oro, igelmin.

Igel batek jauzi egin du

aintzira ertzean:

zipriztinak bihotzean.

Apskatasuna zalu limurtzen da

apo lingirdatsuaren ahoan,

dardarka haren izena urtzen da

zoramen berdearen arragoan.

Apoa non, apskatasuna hantxe,

igel-igeltto, igel-igeldari;

apoak besarkatu du oraintxe

sabel-sabeltto, sabel-sabeldari.

Irrist egiten du, baina, igeltto

zoro ezinegon herrestariak;

huts egin du apo ehiztariak.

Aintziraren bazterrean, krudeltto,

ahobete apo geldituko da;

aintzira biraoz erdituko da.

Igel batek jauzi egin du

aintzira ertzean: